Gozamenetik, ingurumen-sentsibilizaziorantz
Caja Rural de Navarra, 14 March 2022
LH-ko 5.mailatik hasi eta DBH-ko 4.mailara bitarteko ia 300 ikaslek hartuko dute parte proiektuan
Begi Bistan enpresak diseinaturiko proiektu pedagogikoak belaunaldi gazteengan ingurumenarekiko sentsibilizazioa jorratzea du helburu. Gamifikazio-teknikak ardatz hartuta sakonduko da ingurumen hezkuntzan. Jolasaren eta gozamenaren bidez, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatuko da: naturan eta naturaz gozatzearekin batera, hondakin-prebentzioan eragin eta ingurumen jasangarriago baten aldeko konpromisoan sakontzeko.
Begi Bistan enpresak sortutako ekimena da, Rural Kutxaren babesarekin eta Urola Kostako Udal Elkartearen Ingurumen Sailarekin lankidetzan garatutakoa. Orioko eta Usurbilgo Udalek ere babesa agertu diote egitasmoari, baita Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren AZTERTU programak ere. Gaurko aurkezpen prentsaurrekoan izan dira, Naiara Malave Begi Bistaneko arduradunarekin batera, IƱigo Calafell (Rural Kutxa), Lourdes Salsamendi (Urola Kostako Udal Elkartea) Bittor Andres (Orioko Udala) eta Ibon Goikoetxea (Usurbilgo Udala).
Ia 300 ikasle
Egitasmoak ingurumenarekiko sentsibilizazioa jorratzea du helburu; bereziki, gazteenengan. Ingurumen hezkuntzan sakonduko da ekimenaren bitartez, bi ardatz nagusitan oinarrituta. Alde batetik, gozamenetik abiatuta. Jolasa eta gamifikazio teknikak ditu oinarriak proiektuak. Jolasaren eta gozamenaren bidez, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatuko da: naturan eta naturaz gozatzearekin batera, hondakin-prebentzioan eragin eta ingurumen jasangarriago baten aldeko konpromisoan sakontzeko. Bestetik, Oria ibaiari keinu eginez, . bere balioa nabarmenduz. Oria ibaiak, Oriotik, Urola Kosta eskualdetik eta inguruko herrietatik haratago, natura-gune gisara duen potentzialtasuna gizarteratu nahi da.
Hala, Orioko Herri Ikastolako eta Usurbilgo Udarregi Ikastolako ia 150 ikaslerekin batera, Donostiako, Hondarribiako eta Durangoko beste 3 ikastetxek ere egin dute bat ekimenarekin. Guztira, LH-ko 5.mailatik hasi eta DBH-ko 4.mailara bitarteko ia 300 ikaslek hartuko dute parte proiektuan.
Hiru talde-erronka
Martxotik maiatzera bitartean gauzatuko da ekimena. Lehenik eta behin, birziklapenarekin loturiko 3 talde-erronka egingo dituzte ikasleek. Lehendabizikoan, irudimena landu beharko dute ikasleek. Egunerokotasunean erabili ohi dugun tresnaren bat egin beharko dute birziklatutako materialarekin. Bigarren jarduera bikoitza da; euren ikastetxeetan hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko dituzten formula ezberdinak aurkezteko minutu inguruko bideo bat egiteaz gain, hondakin ezberdinak birziklatzeko ontzi-edukiontziak ere egin beharko dituzte. Jakina, berrerabilitako materialarekin. Hirugarren jarduera artelan bat egitean datza. Artista sena atera, eta prozesuan pilatutako material eta ezagutza guztiarekin artelan bat egingo dute; bere azalpen eta guzti. Gero, artelan guzti-guztiak Orio eta Usurbilgo herrietan erakutsiko dira.
Oria ibaiko jaitsiera
Hiru erronkak amaitu ostean, maiatzaren 9an eta 10ean ikasle guztiek jai giroan egingo duten Oria Ibaiko jaitsiera erraldoiarekin emango zaio amaiera egitasmoari. Proiektuan parte hartu duten ikasle guztiek Oria ibaian zehar kayaketan ibiltzeko aukera izango dute. Eta naturaz gozatzearekin batera, ibaiko hondakinak jasotzeko ere baliatuko da irteera.
Jasotako hondakin guztiak erakusgai jarriko dira eta sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintza ikusgarria izango da. Izan ere, protagonistak nerabeak izango badira ere, eskola komunitate guztiarengan (ikasle, irakasle-langile, guraso) eta herritar guztiengan, oro har, eragitea du xede ekimenak.
